XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eliza-Berri. Girixtino-gaiak

Garizuma zer den? Penitentzia-denbora bat, dute ihardetsiko duda-mudarik gabe adinetako girixtino gehienek, gogoan dituztela Elizak lehen ezarriak zituen mehe eta baruren lege bortitzak.

Bainan oraiko egunean, Garizumak zer funts du? Badea ere Garizumarik?

Bai, bada Garizuma, eta sekulan baino beharragoa dugu.

Eta penitentziari ere ez dezokegu ihes egin, hartarik kanpo ez baita girixtino bizirik.

Ontsa konprenitzekotan haatik zer den egiazko penitentzia.

Bainan, beste buru batetarik abiatzeko, erran dezagun Garizuma dela girixtino-gaien sasoina.

Elizak, lehen mendetarik haste, usaia ukan du, adinetako jendeen bataio gehienak Bazko egunean egiteko.

Hautu horrek zerbait erran nahi zuen: Jesus hil ondoan hobitik bizi berri baten jabe atera zen bezala, hala-hala bataioaren bidez gizona ere hiltzen zela, bere pagano-molderi uko eginez, eta bizi berri batean sartzen.

Bataiatu aintzin, bazuen haatik girixtino-gaiak bide luze bat egina.

Zonbait ilabetez eta berdin zonbait urtez, arizana zen preparatzen, azken apailuak egiten zituela Garizuma denboran.

Ez baita alabainan nola-nahiko urratsa, bataioa.

Sakramendu hori hartu nahi duenak behar du konbertitu, hitz horrek erran nahi baitu: itzuli.

Itzuli, lehenik Jesusi buruz: luzaz eta luzaz, harekin behar ditu ezagutzak egin, jadanik Elizan barne direnek laguntzen dutela, Ebanjelioak emaiten diola haren erranen eta obren berri, eta Izpiritu Sainduak barnez argitzen diola gogoa.

Zinez erraiten ahal duenean: Sinesten dut Jesus Jainkoaren Semea dela eta hari nahi nitzaio jarraiki, orduan galda dezake bataioa.

Jesusi buruz itzultzen denak, konprenitzen du bere bizian baduela zerbait kanbiatzeko: Jesusek alabaina erakasten dio zer den bihotzez garbi izaitea, zer den zuzentasun-gose, baketiar eta urrikalkor izaitea, zer den maitatzea: ez bakarrik adixkidekin goxatzea, bainan etsaieri barkatzea, gaizki egileri ongi egitea, bere bizia besteen zerbitzuko emaitea.

Girixtino-gaia ohartzen da bekatoros dela, eta urrikitan sarturik, Ebanjelioaren arabera nahi du ibili.

Horra zer den penitentzia.

Ikasten du ere otoitzaren balioa: Jainkoaren haur dela sinesten duena, nola egonen da bere Aitarekin solasean ari gabe, haren hitza entzunez, hari bere goresmenak eskainiz eta bere beharrak agertuz?

Badaki, bestalde, bataioak Eliza deitzen den familia handi batean sar-arazten duela, eta horko haurride guziek elgar lagundu eta sustengatu behar dutela.

Horra girixtino-gaiak, Garizuman bereziki, deraman bidea.

Ez erran otoi: Guk zer behar dugu hortarik? Gu bataiatuak gira! Bataiatuak, ba.

Girixtinotuak, hori besterik da.

Gehienak, ttipian bataiatu gaituzte.

Geroztik, emeki-emeki ikasi dugu nor den Jesus, zer den hari buruz itzultzea, hari jarraikitzea.

Ikasi, edo hobeki erraiteko, beti ikasi behar, ez baigira sekulan aski konbertituak, aski girixtinotuak.

Gisa bat edo beste, girixtino-gai gelditzen gira beti.

Horra zertako ahalik eta kartsukiena baliatu behar dugun Garizuma, girixtino-gaien sasoina.

J.H.-U.